Ordizia Kirol Elkartea 75 urte kirolari lotuta
OKE Ordizia Kirol Elkartearen 75. urteurrena dela eta, ekintza ugari antolatu dira urte osoan zehar.
Data ofizialek hala diote: 1941en sortu zen Ordizia Kirol ...
OKE Ordizia Kirol Elkartearen 75. urteurrena dela eta, ekintza ugari antolatu dira urte osoan zehar.
Data ofizialek hala diote: 1941en sortu zen Ordizia Kirol Elkartea. Hortaz, 75. urteurrena ospatzen ari da kluba aurten, Hala ere, 1950eko Santa Ana aldizkariak, 1912an dagoeneko Ordiziak Tolosaren aurka partidaren bat jokatu zuela kontatzen du.
Urteurrena dela eta, Juan Vicente Erauskin OKEren presidentea denarekin eta Vicente Blancorekin, klubeko lehenengo bazkide denarekin hizketalditxoa egiteko hitzordua egin du GoiBerrik.
Makina bat istorio, eta pasadizo ekarri dituzte gogora, eta biek nabarmendu dute «herri mailako futbola ere asko dela».
Aurten utziko du Juan Vicentek klubeko presidentzia, lan askoko lau urteren ostean. «Orain dela 25 urte sartu nintzen Ordizia Kirol Elkarteko direktiban lehenengo aldiz. Momentu hartan ohore bat zelako hartu nuen kargua. Klubeko jokalari izandakoa naiz baita ere, eta aukera polita zen lan mota hau burutu ahal izatea». Bigarren etapa horretan egindako lanagatik pozik agertu da Juan Vicente: «Bigarren etapa honetan, presidente izateko motibazioa ezberdina izan da. Aita izateak eraman ninduen berriz bueltatzera». Eta nahiz eta bestelako gauzetarako denbora lapurtzen dion, «lanak ondo eginda» utziko du presidente kargua.
Juan Vicentek berak jarri du GoiBerri Vicente Blancorekin harremanetan. Ordizia Kirol Elkarteko lehenengo bazkidea da Vicente. Egun, laurogei urtetik gora ditu eta aukera duenean oraindik ere gustatzen zaio zelaira joatea. «1959-1960 denboraldian presidente izan nintzen. Garai hartan urtebete bakarrik mantentzen zen kargua. Hori baino lehenago ere direktiban sartuta egon nintzen bi urtez, nahiz eta ez ditudan data zehatzak oroitzen», azaldu du. Herrian futbol giroa ikaragarri aldatu dela uste dute biek.
Futbola, igandeko plana
Bazkal aurretik hasten zen igandeetako plana futbola zegoenean. «Zer egin ez genekiela gelditzen ginen igandeetan futbola ez bazegoen», dio Vicente Blancok. 500-1.000 pertsona artean biltzen ziren partidak Arana futbol zelaian jokatzen zirenean.
Eguerdiko txikiteoan giroa berotzen hasten ziren zaleak. 14:30ak aldera bazkaltzera joan eta 15:30ak baino lehenago Olano tabernan zeuden sarrera erosteko eta kafe konpletoa hartzeko.
Berdin zen eguraldi ona ala txarra egin. Partida izaten zen igandeetan, animatzera joan beharra zegoen eta jarraitzaile guztiak zelaian izaten ziren. «Zelaia festa bat zen igandeetan. Afizioak askoz ere gogorrago animatzen zuen», esan du Juan Vicentek. «Oraindik gogoan ditut Las Camiseras. Ez zuten partida bat bera ere galtzen», gehitu du Vicente Blancok. Las Camiseras garai bateko emakumeen afizionatu talde bat zen.
Materiala eta zelaia
Afizioaren aldetik gauzak asko aldatu badira, zer esanik ez materialari dagokionez. Garai bateko baloi eta boten inguruan aritu dira berriketan. «Ausartenek bakarrik ematen zioten buruarekin orduan baloiari», dio Erauskinek. «Garai bateko baloiek, gaur egun bizikleten gurpilek bezala, halako pitorrotxo bat zuten» gehitu du. Benetako zauriak egiten zituzten jokalariek buruarekin baloia jotzen zuten bakoitzean.
Vicente Blancok esan duenez, berriz, «orduan bai geneukala indarra, egun, baloiari ostikoa eman eta zelaiaren beste aldera bidaltzen dute. Gure garaian metro batzuk aurrera egitearekin nahikoa genuen». Pisu ikaragarria zuten, eta oso gogorrak omen ziren garai hartan erabiltzen zituzten baloiak.
Botak ere ez ziren «tontakeria». Egungo presidenteak gogora ekarri dizkio Blancori garai bateko larruzko botak. Takoak ere larruzkoak omen zituzten eta puntak, botaren zola alde batetik bestera pasatzen omen zuten.
«Presidente nintzenean lotsa ere pasatzen nuen batzuetan», esan du Vicente Blancok instalazioei buruz. 1950eko hamarkadan izan zen bera presidente. Garai hartan Arana zelaian jokatzen zen. «Patata soro baten antza zuen», gehitu du Erauskinek. Nahiz eta garai hartan egungo presidentea gaztea izan, ondo gogoratzen ditu instalazio haiek. Ez ziren instalazio onenak, baina une zoragarriak bizi izan ziren bertan. «Bigarren mailara igotzeko liga txikia jokatu zen bertan. Garai hartan Villafranca Union Club zen taldearen izena», gogoratu dute biek. Nahiz eta bigarren mailara igoera ez lortu, maitasun handiz dakar burura Vicentek momentu hura.
Fitxak eta primak
Ordizia Kirol elkarteak gaur egun 14 kirol modalitate biltzen ditu. Horrek esan nahi du federatu zerrenda luzea duela. «Eznezkoa litzeteke gaur egun garai batean bezala primak eta fitxak ordaintzea hainbeste jenderekin», dio Erauskinek.
«Gogoratzen dut 15.000 pezeta ordaintzera iritsi ginela 1950eko hamarkadan entrenatzaile baten fitxagatik», gehitu du Blancok. Bera presidente izan zenean dagoeneko jokalariei partida irabazteagatik edo berdinketagatik ere primak ordaintzen zitzaizkiela aitortu du. «Neskalagunarekin afaltzera joateko erabiltzen zen diru hori», gehitu du.
1980eko hamarkadan ere, oraindik ordaintzen omen ziren primak. «Bi puntu zeuden jokoan. Irabazitako puntu bakoitzagatik 1.000 pezeta ematen ziguten», nabarmendu du Erauskinek.
Urteurreneko egitaraua
Asko dira dagoeneko egin diren ekintzak, baina oraindik ere gelditzen dira egin gabeko beste asko. Hasteko, ekainaren 24an Gipuzkoako Futbol Federazioarekin bazkaria egingo dute Ordizian. Eta ekainaren 25ean, gaztetxoentzat 3×3 futbol txapelketa egingo dute Ordiziako Plaza Nagusian.
Oporren bueltarako ere OKEk badu ekintza programa osatuta. Irailari begira, Eibar-Ordizia beteranoen partida izango da eta Gurutz Linazasororen hitzaldia. Irailaren 17an egingo den familia arteko bazkariarekin itxiko da 75. urteurrenaren inguruko programa.